INTSUMISIOAREN SORRERA
Arrazoi antimilitaristak aldarrikatu zituen lehen objetorea 1971 urtean aurkeztu zen, eta hamarkada horretan zehar gerraren aurkako mugimendua apurka apurka hazi zen. Euskal Herrian lehen objetoreek eta antimilitaristek diktaduraren azkeneko urteetan kalean egin zituzten beraien aldarrikapenak.
PEPE BEUNZA ETA INTSUMISIOA BIDEOA

Euskal Herrian, 1971 urtean gazte talde batek hausnarketa prozesu bati ekiten dio indarkeria-eza aktiboa landuz, eta gatazkak aztertu eta konpontzeko tresna eraginkorrena dela erabakitzen dute. Indarkeria-eza, desarmea, sexismoa, adierazpen askatasuna, tortura… izango dira gairik landuenak. Ondoren iritsiko da Kontzientzia Eragozpenaren aldeko borroka.
Taldearen lehen ekintza 1975 izan zen: Cataluinian Zerbitzu Sozila Autogestionatu bat martxan jarri zuten objetoreak axilotu ondoren, Bilbon enkartelatuak atera ziren kalera. Arenaleko zubian kateatuko dira beste batean.
Taldearen barruan sortu ziren lehen objetoreek Rekaldeberri eta Uretamendin Zerbitzu Zibil Autogestionatu bat antolatuko dute. Taldeak Bakearen Etxea sortuko du Bilbon 1976 urtean.
Nafarroan, 1976 inguruan Iruñeako Donibane auzoko etxe batean elkarbizitzen jarriko dira kontzientzia eragozpenarekin lotutako pertsona batzuk, eta Milagrosa auzoko beste etxe batetara mugitzean Bakearen Etxea sortuko dute.
Estatuan Movimiento de Objecion de Conciencia MOC sortzean Euskal Herrian 76 urtetik aurrera Kontzientzia Eragozpen Mugimenduaren KEM/MOC taldeak osatu ziren, eta hauek gorpuztu zuten Estatuko beste taldeekin batera militarismoaren kontrako ekimena. 80. hamarkadatik aurrera beste sektore batzuetatik Soldaduskaren aurkako oihuak hasten dira ere: herri batzuetako gazte asanbladen ekimenez, ekologista eta antinuklearren deialdietan, NATOri buruz egin zen erreferendumaren harira…. Ezker iraultzaileko gazte talde batzuk (Kemen eta Iraultza Taldeak) kontzientzia eragozpena sustengatzen hasi ziren eta Jarrai erakundeko gazteek “Soldaduska honi ez!” dinamika eta Euskal Herrian kokatuko litzatekeen Kapitania Orokorra defendatzen zuten.
Gipuzkoako Koordinadora Antimilitarista 1984ean sortuko da eta Kakitzat izena hartuko du laster. 1986 amaieran Bizkaia eta Nafarroan Kakitzat sortuko da ere.
84ko abenduaren 28an PSOEko Gobernuak Kontzientzia Eragozpen Legea argitaratu zuen Estatuko Boletin Ofizialean, eta MOC zein gainontzeko talde antimilitaristek (MILIKK Koordinadoran batzen zirenak Kataluinian) egindako aldarrikapenei muzin eginez epaitegi bat eratu zuten objetore nor zen eta nor ez erabakitzeko ahalmenarekin. Gobernuak Soldaduskaren Ordezko Zerbitzu bat ezartzen zuen ere, iraupen luzeagoarekin. Legea errekurritua izan zen, eta Gobernuak 89 urterarte ezin izan zuen OZS martxan jarri.
Antimilitaristek Europako eragozle edo objetoreen borrokak aztertu zituzten, eta gobernuek kontzientzia eragozpen legeak filtro bezela erabiltzen zituztela ohartu ziren, Ordezko Zerbitzuak “zigor” bezela planteatzen zirela (iraupen luzeagoa, baldintza gogorragoak…) gizarte arloan doako lana egiteko erabiltzen zituztela gazteak… eta azken finean objezioaren gaia gobernuaren kontrolpean geratzen zela: OZS egitea aspektu batzuetan gogorragoa izanik gazteen artean objetore izateko asmoak uxatzen zituzten eta Soldaduska egiteko zenbat gazte behar ziren jakin ondoren gobernuak eragozleak ttanttaka onartzeko aukera zuen, armada babestuaz beti.
Ondorioz, antimilitaristek garbi ikusi zuten legearen barruan militarismoa desagertzeko bidea antzua izango zela, eta Desobedientzia Zibileko estrategia martxan jartzeko erabakia hartu zen 1984 urtean: Soldaduska edo Ordezko Zerbitzurako deia jasoko zuten gazteek bertan parte hartzeari uko egingo zieten publikoki Intsumisioaren bidez. Baina intsumisiorako pausoa eman baino lehen antimilitaristek Eragozpen Kolektiboa deitutako estrategia abiarazi zuten.
Hau da, eragozlea ote den edo ez erabakitzea pertsona bakoitzaren eskumena zela esaten zuten antimilitaristek, eta ez kontzientzia arrazoiak epaituko zituen gobernuko erakunde/epaitegi baten esku. Ondorioz, Soldaduskara joan nahi ez zuen gazte antimilitarista bakoitzak Eragozpen Kolektiboa deitutako agiriaren azpian bere sinadura erantsiko zuen soilik.
85etik aurrera 15.000 gaztek egin zuten Eragozpen Kolektiboa, baina 87ko amaieratik eragozleen eskaerak onartu edo ukatzen dituen CNOC-ek (Consejo Nacional de Objeción de Conciencia) eskaera hauek ez onartzeko erabakia hartu zuen, eta zenbait objetore Soldaduskara ez joateagatik kartzelaratuak izan ziren
Urte hauetan talde antimilitaristen ekintzak eta mobilizazioak ugaritu zituzten. 88ko azaroan Soldaduskarako Zozketen aurkako mobilizazioak handiak izan ziren .
Kontzientzia Eragozpen Legeari Desobedientzia Zibilaz erantzuteko erabakia publiko egin zuten talde antimilitaristek: otsailaren 20ean aurkeztuko ziren Soldaduskarako deia jaso eta koarteletan bertaratu ez ziren intsumisoek. Prentsaurreko bidez eman zuten honen berri, Gobernuari emango zuten pauso jakinaraziaz.
Abenduaren 28an (84ean Kontzientzia Eragozpen Legea Estatuko Boletinean argitaratu zela 4 urte pasa ondoren) Gasteiz eta Donostian manifak egin ziren, Iruñea eta Elgoibarren udaletxea katez itxi… Euskal Herriaz kanpo, urtarrilaren 26ean Madrilen MOC-ek CNOC okupatu zuen. Mili-KK, Colectivo Autonomo Antimilitarista eta NATOren aurkako Komisiokoek Gurutze Gorriko egoitza okupatzen saiatu ziren ere, Soldaduskaren Ordezko Zerbitzua ezartzen kolaboratzeagatik.
89 URTEA, INTSUMISIOAREN HASIERA
89ko otsailean intsumisoen lehen aurkezpen publikoa prestatzeko 88ko abuztuan Orion elkartu ziren Estatuko iparraldeko 200 antimilitarista inguru: estatuko beste bi lekutan batzarak egin ziren ere. Urtarrilaren 7an Errixako Navarreten Iparraldeko Zonaldeko intsumisoen bilera egin zen, Zaragoza, Errioxa, Euskal Herria, Burgos, Gaztela, Kantabria eta Galiziko 100 gazte bilduaz.
MOC-ek urtarrilaren 28 eta 29an Asanblada Estatala antolatu zuen kanpaina prestatzeko eta 15 talde bildu ziren bertan; emakumez osatutako talde batek emakumea eta militarismoari buruzko hausnarketa egin zuen.
Militarrek urtarrilaren 29an kuarteletan Soldaduska hasteko deia egin zieten urteko lehen errenplazuko gazteei, beraz egun honetatik aurrera jada intsumisoak desobedientzian murgildu ziren. Batzuk 88ko azken hilabetetik falta ziren kuarteletatik eta atxilotzeko arriskuan bizi ziren.
Otsailaren 3, 4, eta 5ean bilera berriak egin zituzten intsumisoek (Bizkaiko Euban, Bilbon…) eta aurkezpenak nolakoak izango ziren eztabaidatu zuten. Oso garrantzizkoa zen pertsona bakoitza ahal zen neurrian ondo prestatzea Gobernuak martxan jarriko zuen errepresioaren aurrean: atxiloketa, kartzelaldia, epaiketak, gose grebak egiteko aukera… eta kanpoan elkartasuna eta salaketa antolatzeko moduaz aritu ziren ere.
KEM/MOC-ek Soldaduskaren Abolizioaren Aldeko Manifestua sustatu zuen.
Otsailaren 6, 10 eta 12an intsumisoek militarrengandik jasotako dokumentuak publikoki itzuli zituzten.
Prentsaurreko bidez, Iruñean otsailaren 17an eta 20ean Bilbon KEM/MOC taldeak eta Intsumisoen Asanbladak Gasteizen, intsumisoen aurkezpenaz mintzo dira. Beraz, Desobedientzia Zibileko ekimen bati dagokion bezala, publiko egin zuten beraien jarrera eta arrazoiak gizartearen aurrean, eta pilota Gobernua eta militarren teilatura jaurti zuten. Soldaduskarako deialdi bakoitzerako (urtean 4 egiten zituzten militarrek) intsumisoen aurkezpen bana egingo zela jakinarazi zuten, hau da, otsaileko aurkezpena soilik lehen pausoa izango zen.
Prentsaurrekoez gain intsumisoen aurkezpena babesteko salaketa ekintzak antolatu ziren: otsailaren 11ean KEM/MOC eta Kakitzatek deituta Iruñeatik hurbil dagoen Ainzoaingo kuarteleko atean kateatu ziren pertsona batzuk, beste talde batek katez ere errepidea moztu eta herritarren atean informazioa banatzen zuten bitartean. 2 ordu beranduago Guardia Zibilek errepidekoen kateak moztu zituzten, eta kuarteleko Polizia Mando baten agindupean militarrek antimilitaristak jipoitu zituzten; neska bat ospitalean ingresatu behar izan zuten.
Ekintza guzti hauek desmilitarizazioaren aldeko aldarrikapenak egiteko balio zuten, “bahiketa legala” zen Soldaduskaren inposaketa salatzeko, gastu militarren desagerpena eskatzeko…
89 urtean Euskal Herrian KEM/MOC eta Kakitzat erakundeek herrietako talde antimilitarista batzuk biltzen zituzten: 4 hiriburuetan, Nafarroako Tutera eta Lizarran, Gipuzkoako Andoain, Orereta, Bergara, Tolosa, Azkoitia, Zarautz… eta Bizkaiko Basaurin, Sestaon, Durangon… KEM/MOC taldeak sustatu zuen Soldaduskaren Aurkako Manifestuak sinatu ugari jaso zituen. Zenbait udalek (Gipuzkoako Lezo, Pasaia eta Antzuolakoak kasu) militarrekin kolaboratzeari uko egin zioten. Gastu Militarren aurkako martxak, Eragozpen Fiskaleko kanpainak.. egiten ziren, eta Jaizkibel, El Perdon eta batez ere Bardeetako naturguneen erabilera militarren aurkako mobilizazio ugari egin ziren. Gogorarazi beharra dago ere 86ean Euskal Herrian NATOren aurkako ezezkoa nagusi izan zela.
Dena den, Soldaduskara ez joateko erabakiak gizartean zailtasunak izaten zituen: famili gehienetan “aitona eta aita bezala Soldaduskara joan behar duzu” izaten zen leloa, militarrei beldurra zitzaien eta bizitzaren beste arlotan bezala desobedientzia ez zen begi onez ikusten. Bestalde lanpostu bat eskuratzeko Soldaduska amaitua izatea ia derrigorrezkoa zen. Azkenik, politikoki herrian antimilitaristek ez zuten babes handirik.
Baina, antimilitaristek lan handia egin zuten 70. hamarkadatik, eta orain pausu berri bat emateko prest zeuden hainbat gazte: norbanakoaren askatasunaren defentsan militarismoaren aurkako ekimen kolektiboa martxan jartzen zen: INTSUMISIOA!!!
